XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Epaileak benetako heziketa humanistikoa behar du.

Funtzio judizialak duen izaera gizatiarrak epailearen nortasunari buruzko edozeri garrantzia ematen dio.

Gizakia, eta epailea bereziki, inguruan duen munduak baldintzatzen du, hau da, gizartean eta gizartearen menpe bizi da.

Inguruabar historikoek, politikoek, ekonomikoek eta soziologikoek guztion bizimoduan, baita epaileenetan ere, duten eragina benetakoa da.

1985ean Espainian epaileen gizarte jatorriari buruz egindako txosten batean hurrengoa adierazten zen.

Abokatuen eta epaileen %50 legelari eta funtzionarien familietatik zetorren, hau da, agintean zegoen klasetik, burgesiatik, alegia.

Epaileen %4 langile eta nekazari familietatik zetorren.

Aldaketa ikusi zen norabide batean: gero eta emakume gehiago zegoela, baina klase ertaingoak gehienetan.

Bestalde, abokatuak gazteagoak ziren oro har 1975ean baino, eta ideologiaz demokraziazaleak.

Gure artean, ikertzekoa da, Bengoetxeak dioenez, epaileen jatorri nazionala ere bai: ea Euskadin diharduten epaileak euskaldunak diren, euskaraz dakiten, Euskadin ikasi duten etab.

96. Epaia

Diskurtso jurisdikzionalak justizia erabaki bat adierazten duen heinean, bere izen eta ezaugarriak diskurtsoaren egiletik hartzen ditu.

Funtzio legegileak legea zedarritzen duen bezala, funtzio jurisdikzionalak markatzen du epaia.

Legea bezala, epaia aginte egintza da.

Epaiak estatuko organoak sortzen ditu, epaitzeko ahalmena (eta betebeharra) daukanak.

Baina aginte marka hori askoz sakonagoa da: batetik, epaileak lanbidetik ezagutzen du Zuzenbidea; eta, bestetik, epaia epailearen pentsamendua islatzen duen idazkia da.

Legea ez bezala, Zuzenbidea egikaritzearen egintza da epaia.

Ez da orokorra, justizia erabakia auziaren alderdiei bakarrik baitagokie.

Ez da subiranoa ere, epaileak kasuan kasuko lege-arauak aplikatzen ditu eta.

Epaia Zuzenbidearen aplikazio partikularra da.

Zuzenbidean aditua ez-adituari hurbiltzen zaio diskurtso jurisdikzionalean.

Hurbilketa horretan, hizkera arruntaren eta jargoi profesionalaren arteko aukeraketa egin behar da, batez ere, arkaismoen eta latinaren erabilieran.

Bestalde, egitatea eta Zuzenbidea, partikularra eta orokorra, zehatza eta abstraktua dakuskigu elkarren ondoan epailearen diskurtsoan zehar, epaiari izaera konposatua emanez.

Bai egitateak, bai Zuzenbidea bidezkotu behar izaten dira, eta bakoitzari dagokion hizkera sortzen da: egitateena, Zuzenbidearena eta logikarena.